XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nemesio Etxaniz hil zela 10 urte laster beteko dira, urtarrilaren 27an, hain zuzen ere.

Eta bizi zelarik itzalitzat jo genuen txingarra indartsu sutuko da hil eta gero ere.

Epaimahaiak bikaintzat ederretsi duen tesina burutu du Pako Sudupe azkoitiar gazteak, ondu nahi duen doktoradutzako tesiaren hasiera gisa.

Laster argitaratuko ditu Etor-ek haren olerki bilduma eta haren artikuluen sorta.

Baita Elkar-ek ere haren nobela bat eta gobernadoreari idatzitako zenbait bilduma.

Nemesio Etxanizen pertsonak eta lanak liluratu eta harritu nau aitortzen du Pako Sudupek.

NEMESIO ETXANIZEN PERTSONAK ETA LANAK LILURATU ETA HARRITU NAU

Donostia. Pako Sudupek, azkoitiarra izanik ere, entzutez bakarrik ezagutu zuen Nemesio Etxaniz, 1899ko abenduaren 19an, orain 92 urte jaioa denez.

Ikerlanerako bere herriko idazle bat hartu nahiak eraman zuen Nemesio aukeratzera.

Manolo haren ilobak zeuzkan, gainera, osabaren liburu eta paper guztiak, Zestoako erretoretxean, Azkoititik nahiko eskueran.

Hiruzpalau urte daramatza Nemesio Etxanizen paperak eta lanak arakatzen eta haren adiskideak hizketatzen.

Bikaintzat aitortu dioten 450 orrialdetako tesina aurkeztu du oraindik orain Gasteizko Euskal Filologiako Fakultatean, Jon Kortazarren gidaritzapean, Endrike Knô*rr eta Koldo Zuazoren epaimahaira.

Beste hiru urte t'erdi geratzen zaizkio Pako Suduperi Nemesio Etxanizi buruzko tesia burutzeko.

Bienbitartean, ordea, badu haren Olerki Bilduma eta Zeruko Argian hark idatzitako 300en artikuluren sorta Etor-en argitaratzeko asmorik, Iñaki Segurolak Elkar-en argitaratuko dituen nobela eta gobernadoreei idatzitako gutunez gainera.

Nemesio Etxaniz olerkari ona zen.

Baina idazleak baino gehiago harritu eta liluratu nau pertsonak, haren euskaltzaletasunak eta Francoren kontrako borrokak.

Biografi oso interesgarria du.

Ez da aspergarria, protestalari bat bait da laburbiltzen du Pako Sudupek.

Nemesiok, seguraski, bere mundu honetako bizitza zer izan zuen hobekienik Izotz-kandelak elaberrian agertu digu, Ximon heroearen bizi-urratsen bidez.

Delako Ximon hau gaztetan txertaturik bizi izan deneko giroak apaiztera ekarri du beste barneko inolako dei bereziak baino areago, guztiz ere, familia eta seminario-giroak.

Apaiztu ondoan, Gipuzkoako herri batean emazteki batekiko amodioa medio fede-zalantzak sortu zaizkio, eta hauek hartaraturik bere bizi guztiari zentzu tragikoa itsatsiko dion biziera bururatuko du, onbehar, erromes eta ahulen alde emanik.

Euskal Herriari doakionez berriz, Nemesiori jarraiki, gerrate zibilak ekarri-eragin dio zorigaitzeko bezain berebiziko antzaldaketa guztien gainetik morala: fedea zegoen tokira sartu dira katoliko izeneko faxistak Elizaren hierarkiaren bedeinkapenez, eta izurrite morala hedarazi dute; honekin batean euskalduntasun guztia suntsitzera erakarri nahi izan dutela.

Ondorioz eleberriko Ximon karitate-egitetara bezala Nemesio suhartasun eta ausardia handiz euskara eta euskalduntasuna atxiki nahizko iharduerari lotuko zaio, gatazka honen baitan barrena pairatu beharrean izango da atsekaberik saminenak eta fede-zalantza usuenak, baina halaber bizi-poza eta bizi-arrazoia ere euskararen aldeko gudu honetan atzemango du.

Nemesioren irizpide politikoak

Pako Suduperen iritziz, Jose Antonio Agirreren jokabidearekin bat dator Nemesio Etxaniz:

Eusko Jaurlaritzari jarraipena ematen lehiatzeaz batera Francoren errejimenarekin amaitzeko Espainiako indar demokratikoen batasunean sinesten zuen jarrerarekin alegia.

Lehendakariaren heriotzaren ondotik, Europako demokrazien ezaxola guztizkoarekin zeharo etsia harturik, eta Israel bezalako herrien etsenpluaz mira eginik; nazio eraikuntza euskararen gainean finkatu beharra aitortzeaz batean, damurik, honen askapena erdiesteko armen erabilpena noraezeko datekeela aitortzen die Andima eta beste adiskide batzuri.

Garai hartan, jakina, alderdi abertzale guztiek onartzen zuten zanpaketaren kontra indarra erabiltzearen zilegitasuna, nahiz iritziak berezi zebiltzan honen premiatasunaz eta antolamenduaz.

Nemesio, bestalde, haserre agertzen da abertzale batzuen zuhurkeriaz eta integrismoaz.

Baina ez du onesten ETAren ihardunik ere, buruzagi zentzudunen eskasiagatik.

Era guztietako abertzaleekin lanean ziharduen azkoitiarrak zahar eta gazte jatorren artean zubiak eraiki beharra salatzen du.

1967tik aurrera, ordea, indarkeriari, indarkeriaz ez baina indarkeria-ezaz erantzutea aukeratzen du.

Eta bidegabekeria eta zapalketa guztiak bortizki eta ausarki salatuko ditu gobernadore nahiz apezpikuen aurrean.

Batikano Bigarrenak, gazteen indarkeriagana fidantziarik ezak eta guztien gainetik hauengan buruzagi zentzudunen faltak aldatu zuten.

Azkenik, 60ko hamarkadaren azken bost urtetan abiarazi eta indar hartzen ari zen euskal kultur pizkundeak sor ziezazkion bakebideen baliagarritasun itxarokizunak ere zer-ikusirik bazuketen bilakaera horretan Pako Suduperen ustez.

Euskarari buruzko iritziak

Oso gazterik euskaltzaletu eta gerraurrean ere lantxo batzuk eginagatik, gerratea izango du eragingarri nagusiena Nemesiok buru eta esku lotuko duena Euskal Herri galtzailearen alde borrokatzera.

Euskarari buruz eragin haundia izan zuen Sebero Altubek, erdal jatorriko lexikoarekiko lotsa aienatzeko eta joskera jatorrakikoari lehentasuna emateko.

Eta lurra eta hiztunak galtzen ari zen euskal herri xumeagana begiak bihurtzearen ondorioz, Lizardi eta Orixeren literatur jarrerakiko mirespena eta atxikimendua ibituxe zituela, herri xumeagana iristeko honen mintzairatik hurbilagoko literatur eredua idoro nahiz.

Altube, Ibar, Lekuona eta Salbatore Mitxelenaren eraginpean eta jakina bere praxi berekiak hartaraturik iritzi-liskarrik izan zuen hazibidez, euskaltzaletasunez nahiz jeltzaletasunez gogaide zituen Zaitegi, Andima eta Orixerekin.

Hauek, biharko euskaldun eskolatuak, gogoan, latin eta grekera literatura itzultzeari ematen zioten lehentasuna.

Nemesiok, ordea, herri ezikasiaren literatur premiak ase beharra zekusan beharrenik.

Hemendik, besteak beste, bere literatur bilakabidea: testu dramatikoak, olerkiak eta abestiak, kontakizun laburrak, irrati-gidoiak, eleberri laburrak.

Zenbaitek, jakina, Nemesiok aurkezten zuen erdi-bideari muzin egin zion eta erdal hitz egosgaitzak gehitxo eta joskera kontra-harikoa erabiltzeari ekin.

Beste batzuk, batasuna lortzeko atzera jo beharra aldarrikatu zuten, gerraurreko eta gerraondoko zenbait idazleren lana auzitan jarriz.

Nemesiok, noski, ez zituen Baiona, Ermua eta Arantzazuko erabakiak onartu.

Mintzaira esparruko arrazoibide-jokabideei belaunaldi teinkaren isla zirenak nahasiko zitzaizkien, hobeki esan, barrenean isil-gordean zeuden ideologia ezberdintasunak argiratuko ziren h-ren guduari sorrera emanez.

Delako gudu honetan parte hartzeak, honen baitan, oroz gainetik, Don Manuel Lekuona euskaltzaindiaren buruzagitzatik kendu izanak sortarazi zion sumin-saminak, hala adinetan aurreratzearekin batean gazteen marxismora lerratzeko isuriak Euskal Herrian behiala nagusi zen fede suharra gazteen artean ibitzen-suntsitzeratzen ikusteak euskaltzale gazteen lagunartetik bereiziko zuen Nemesio, urte batzutan kardaberaztarrekin lan egin ondoan azken buruan bakartasunera eta etsipenera amildu zela.